Aiako Txakolin Eguna ospatu dute beste urte batez, herriko plazan, eta aurten ere arrakasta itzela izan du egitasmoak. Herriko zein inguruko herrietako jende ugari bertaratu da eguerdian bailarako edari zuriaz gozatzera. Aurtengoa txakolin egunaren 21. edizioa izan da, eta Getariako Txakolina jatorri izeneko bederatzi upategik hartu dute parte; horiez gain, gaztagile eta pate egile banak bere postua izan du.
Kopa bost euroan erosi ahal izan da, eta zenbateko horren truke, nahi adina edateko eta upategi guztietako uzta dastatzeko parada izan du jendeak. Bien bitartean, txekor eta txerri bana erre dituzte zuzenean udaletxe aurrean, eta horien pintxoak banatu dituzte, bi euroan. Festara gehitu direnek ilara polita osatu dute pintxoak eskuratzeko.
Oro har, giro ederra sortu da herriko plazan, eta aldarte horrek egun osoan jarraituko du. Aiako Gazte Asanbladak txosna irekiko du 14:00etan, eta arratsaldean, 17:00etan hasita, Gizonezkoen Harri Txiki Txapelketa eta Emakumezkoen Kintopekoak jokatuko dituzte probalekuan. Herri kirolak amaitu ostean, berriz, Izer eta Alabierrekin erromeria izango da.