Txakolina izango da protagonista datorren igandean, izan ere, Aiako XXI. Txakolin eguna ospatuko dute. Hori horrela, 11:30etik hasita, Getariako txakolina dastatzeko aukera izango dute plazara gerturatzen diren guztiek, baita txekor eta txerri pintxoak jateko ere.
Horrez aparte, 14:00etan Aiako Gazte Asanbladak txosna irekiko du, eta 17:00etan Gizonezkoen Harri Txiki Txapelketa eta Emakumezkoen Kintopekoak jokatuko dituzte. Eguna ez da hor amaituko, ordea; herri kirolak amaitzean Izerrek eta Alabierrek izango dute guztiak dantzan jartzeko ardura, erromerian.
Harri Txikiak eta Kintopekoak
Harri Txikien eta Kintopekoen Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Aiako Probalekuan, 17:00etan hasita. Hainbat harri jasotzaile lehiatuko dira, horien artean oriotar bat: Udane Ostolaza. Goizeder Abendibar mallabiarra, Olaia Esnaola azpeitiarra eta Maddi Gesalaga zarauztarra izango ditu aurkari.
Bi harrirekin, hiru minutuko txandak egingo dituzte emakumezkoek Kintopeko txapelketan; 50 kiloko zilindroarekin eta 50 kiloko kuboarekin arituko dira.
Gizonezkoek, berriz, Harri Txikien Txapelketa jokatuko dute, eta hiru minutuko txandak egingo dituzte hiru harrirekin: 125 kiloko koparekin; 112,5 kiloko kuboarekin, eta 100 kiloko bolarekin. Lau lagun ibiliko dira nor baino nor: Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi Urra eta Imanol Royo Lartain zarauztarrak, eta Beñat Telleria lasartearrak.