Aiako Iturraran Parketxeak Pagoeta natur parkeko anfibioak eta narrastiak ezagutzeko irteera antolatu du. Saioa Ander Izagirre eta bere lankideek gidatuko dute, eta putzuz putzu eta harriguneetan "animalia bitxiak" bilatzen eta ezagutzen arituko dira, besteak beste apo arrunta, baso igel gorria, uhandreak, arrabioak eta ziraunak.
Irteera adin guztietako herritarrentzat pentsatuta dago, eta antolatzaileek esan dute "zailtasunik gabea" dela. Ekintza martxoaren 30ean egingo dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Iturraran Parketxetik abiatuta. Prezioari dagokionez, helduek zazpi euro ordaindu beharko dute; hiru eta hamabi urte bitarteko haurrek, aldiz, bost euro. Izena emateko galdetegi hau bete beharko da.