Aia

Iker Etxeberria donostiarrak eskuratu du Gabino Alustiza ikerketa beka

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 24a, 15:00

Igor Iturain Aiako Udaleko idazkaria, Iker Etxeberria bekaren irabazlea eta Jon Ander Azpiroz alkatea, udaletxean. (Jon Ander Azpiroz)

Jose Joaquin Arrillaga Enbili buruzko proiektua aurkeztu du Etxeberriak, eta epaimahaiak horixe aukeratu du bost proiekturen artean. Arrillaga Kaliforniako (AEB) gobernadorea izan zen, eta haren bizitza eta ondarea aztertuko ditu bekari esker.

Gabino Alustiza ikerketa beka sortu zuen Aiako Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) laguntzarekin iazko urrian, eta aurreneko deialdiak badu irabazlea: Iker Etxeberria donostiarra. Jose Joaquin Arrillaga Enbili buruzko proiektua aurkeztu du horrek. Kaliforniako (AEB) gobernadorea izan zen Arrillaga, eta haren bizitza eta ondarea azertuko ditu donostiarrak hamabi hilabeteko epean. 15.000 euro jasoko ditu bere lana egiteko. Epe hori amaitzean, inon argitaratu gabeko lana aurkeztu beharko du.

Arrillaga Aian jaio zen 1750. urtean, eta Kalifornian zendu zen 1814. urtean. Armadan aritu zen aurrena, eta politikagintzan gero, Kaliforniako gobernadore izatera iritsiz, lurralde hori Espainiako Inperioaren parte zen garaian. Aiako Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, Etxeberriak "sakon aztertuko du Arrillagak Aiaren historian izan zuen garrantzia, baita haren bizitza eta ekarpen politikoak ere, bai Aian, bai Kaliforniako gobernadore izan zen garaian izandako eragina".

Epaimahaia

Historia adituek osatu dute epaimahaia: Alvaro Aragon izan da presidentea, eta bokalak, berriz, Xabier Alberdi zarauztarra eta Maria Carmen Gil. Jon Ander Azpiroz alkateak egin ditu idazkari lanak –hitzik eta botorik gabe–.

Udalak jakinarazi du bekara bost proiektu aurkeztu dituztela, eta "irabazlea zoriondu" eta gainerako parte hartzaileei "eskerrak" eman nahi izan dizkie beraien proposamenengatik. "Beka honekin, udalerriak bere historia eta kultura zaintzeko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du, bere ondarea ezagutzen eta balioan jartzen lagunduko duten ikerketa lanak sustatuz", azpimarratu du.

Epaimahaikideak: ezkerretik hasita, Mari Carmen Gil, Alvaro Aragon, Jon Ander Azpiroz eta Xabier Alberdi. (Jon Ander Azpiroz)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide