Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidearen xehetasun guztiak atzo aurkeztu zituzten txirrindulari proba ezagunaren antolatzaileek. Apirilaren 7tik 12ra egingo dute gizonen aurtengo Itzulia, eta hirugarren etaparen hainbat kilometro Urola Kostan zehar egingo ditu pelotoiak.
Hain zuzen ere, Zarautzen hasi eta Beasainen bukatuko da etapa hori, apirilaren 9koa. 156 kilometroko ibilbidean, zazpi mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek; horien artean, Meaga, Santa Ageda eta Mandubia. Zarauztik abiatuta, kostako bidea hartuko du lasterketak, Zumaiaraino; handik Zestoa aldera hartuta, Arroatik Iraetara iritsi, eta han Meagako mendatean gora igoko dira, Aizarnazabalen zehar, Meagan behera Zarautzera itzultzeko, eta handik Aiara igotzeko.
Andazarraten behera utziko du eskualdea lasterketak, baina Tolosatik bueltan berriro itzuliko da Urola Kosta aldera pelotoia, etapako bi mendate nagusiak igotzeko, hain zuzen: Santa Ageda lehendabizi, Beizamara jaitsi aurretik; eta Beizamatik jaitsi eta Nuarbetik Matxinbentaraino joanda, Mandubia.
Seigarren etapan ere (Eibar-Eibar) egingo ditu kilometro batzuk eskualdean aurtengo Itzuliak, Azurki mendatea igo ondoren Azkoitiko Madariagatik igaroko baitira txirrindulariak.