Galzorian dagoen miru gorria askatuko dute igandean Aiako Iturraran parketxean

Julene Sorarrain 2025ko ots. 4a, 08:00

Miru gorria. (utzitakoa)

Basabizi zentroan sendatu dute hegaztia, eta aste honetan askatuko dute Pagoeta natura-parkean. Saioan hegaztiari eta Basabizin egiten duten lanari buruz arituko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko teknikariak. Egitasmoan izena emateko epea dagoeneko zabalik dago.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea sailak Basabizi zentroa ireki zuen Urnietan duela hiru urte. Basabiziren helburua da Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzea, animalia zaurituak birgaituz eta sendatuz, hauek berriro ingurune naturalera itzuli ahal daitezen. Otsailaren 9an, igandearekin, zentroan sendatutako miru gorria askatuko dute Aiako Pagoeta natura-parkean, Iturrarango parketxean, hain zuzen ere.

"Galzorian dagoen Miru gorria (Milvus milvus) berriz ere, libre-libre, hegan ikusiko dugu. Haizearen indarra baliatuz hegan dotorezia handiz egiten duen hegaztia da miru gorria, abilezia handiz eta ia indarrik egin gabe ordu pila igaro ditzakeena. Bere V itxurako buztanagatik erraz identifikatzen delako eta neguan zeruan ikus dezakegun harrapari bakanetariko bat delako hegazti oso ezaguna da berau", azaldu dute Basabiziko kideek.

Saioan askatuko diren hegaztiei, Basabizin egiten duten lanari eta zauritutako animalia bat aurkitzean egin beharrekoari buruz arituko dira Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko teknikariak. Hitzordua 11:30ean izango da, Iturrarango parketxean, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea. Saioa euskaraz izango da eta hiru euro balio du. Informazio gehiago eskuratzeko 943-83 53 89 zenbakira deitu daiteke baita iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide