Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak astelehenean egin zuen publiko Amezti etxearen auziko sententzia: Aiako lurretan –Talaimendi eremuan– eraikita dagoen etxebizitzak Lurzoruaren Legea urratzen du, eta bota egin beharko dute. Urola Kostako EH Bilduk gaiaren irakurketa zorrotza egin du: "Auzitegiak hartutako erabakiak agerian utzi du EAJk hirigintza arloan duen jarduteko modua. Epaiak eraikina eraisteko agindua eman du, legez kanpokoa dela ebatzita".
EH Bilduren arabera, eraikinak ez ditu betetzen 2/2006 Legea (lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa), ezta Aiako arau subsidiarioak ere. Aipatu arauen 76.2 artikuluaren arabera, eraikin berria ezin da 50 metro baino gehiago mugitu jatorrizko kokapenetik, "baina kasu honetan muga hori nabarmen gainditu du, 350 metro, alegia". Horrez gain, eraikinaren estiloa eta bolumetria ere "ez datoz bat aipatutako EAEko legearekin".
Koalizio subiranistaren Urola Kostako talderentzat "onartezina da horrelako legez kanpoko eraikuntza pribilegiatu bat babestea"; are gehiago, egun etxebizitza arazoa presente izanik, "herritar askok etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik ez duenean".
EAJ "tematuta" eta "entzungor"
EH Bilduk aurrez ere ohartarazi zuen eraikuntza legez kanpo egina zela, eta Aiako Udalak emandako baimena atzera botatzea eskatu zuen. Proiektuak aurrera egin ahala, "geroz eta irregulartasun gehiago" agertzen joan direla nabarmendu du. "Ahalegin guztiak egin arren, EAJ proiektuarekin aurrera egiten tematu da, ohartarazpenei entzungor egin die, eta informazio eskaerak erantzun gabe utzi ditu. Gardentasun eza eta gobernantzari dagokion erantzukizun falta nabarmena erakutsi ditu".
Koalizioko kideek gogora ekarri dute Amezti etxeko jabeetako bat Zarauzko EAJko zinegotzia zela garai hartan. "Zarauzko EAJk eta Xabier Txurruka alkateak harrokeriaz jokatu dute kasu horren inguruan", azpimarratu dute: "Auzia bor-bor zegoela, 2015eko ekainean, etxearen jabeetako bat zen zinegotzia Zarauzko Udaleko hirigintza, babes zibila eta Udaltzaingoaren arduradun izendatu zuten".
Orain 30 egun daude epaiari errekurtsoa aurkezteko. Horren aurrean, EH Bilduko dio ikusteko dagoela Aiako Udalak zein bide judizial hautatuko duen, eta, horren arabera, auziak zer-nolako garapena izan dezaken. "Edonola ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak argi utzi du EH Bilduk zuzen jokatu zuela irregulartasunak salatu zituenean, eta agerian jarri du EAJren kudeaketa txarra eta gardentasun falta hirigintza arloan".
Halaber, zehaztu dute badagoela "nahikoa arrazoi" egungo Aiako Udal Gobernuak Amezti etxeari buruzko azalpenak emateko, "herritarrekiko errespetuz eta haiei zor zaien gardentasunez".