Lurraldeko udalerrietara egiten ari den bisiten barruan, Aian izan da gaur Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez. Aiako alkate Jon Ander Azpirozekin bildu da, eta mugikortasun eta turismo gaien inguruan aritu dira biak.
Aldundiak ohar baten bidez azaldu duenez, Lurraldebusek Aian eskaintzen duen zerbitzuaz hitz egiteko bilera bat egingo dutela aurreratu du, "ematen den zerbitzua egokitzeko aukerak ikusteko, bai ordutegian, bai herrian egiten diren geldialdiei dagokienez". Azpirozen esanetan, "Aiak duen garraio publikoa autobusez egiten da, baina ezinbesteko jotzen dugu beste linea edo garraioekin, trenarekin adibidez, koordinatutako ordutegiak edukitzea. Horretarako, bilera bat egin genuen erabiltzaileekin legealdi hasieran, beraien eskaerak jaso eta Mugikortasun Departamentuari, ordutegien proposamen landu bat helarazi genuen. Espero dugu, ondorio ulergarri batera iritsi ahalko garela guztion artean”.
Turismoa ere hizpide izan dute biek. Aiako alkateak adierazi du herria "leku pribilegiatu batean dagoela, Pagoetako Parke Naturalean, eta Iturrarango Lorategi Botanikoa duela, EAEko handiena". Era berean, Aia Turismoaren webgunea eguneratzeko eta erabiltzaileentzat funtzionalagoa izateko lantzen ari diren proiektuaren berri eman dio Dominguezek. Honek, turismo-fluxuak deszentralizatzeko eta deslokalizatzeko estrategian sakontzeko bere departamentuak duen asmoa gogoratu.