Aia

Jai gosea Urdanetan San Martin egunez

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 11a, 16:00

Patata tortilla lehiaketak eta jarraian eginiko hamaiketakoak egundoko giroa jarrai du auzoko frontoian. Ondoren, bizilagunak herri kirol jokoetan aritu dira.

Festaz beteriko bi asteburu eder izan ondoren, San Martin Egunaren biribiltzen ari dira gaurkoan Urdanetako bizilagunak auzoko jaiak. Amaierako eguna bada ere, oraindik ere ospatzen jarraitzeko gogoz daudela erakutsi dute goizetik.

Mezaren ondoren, frontoian elkartu dira patata tortilla lehiaketa zuzen-zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko. Aurten, bederatzi tortilla aurkeztu dituzte sariketara, eta jai batzordekoek eguerdia girotzera joan diren Izer aita-seme trikitilariak izendatu dituzte epaimahaiko kide gisa.

Tortilla guztiak dastatu ondoren, irabazleak aukeratu dute eta bertaratu guztiak pozarren jaitsi dira kantxara, aurkeztutako jakiekin hamaiketakoa egitera. Bapo jateko eta edateko tenorea izan dute, baita izertarrekin dantza egiteko ere. Ondoren, herri kirol jokoak egin dituzte auzotarren artean.

Arratsaldean, trikitilariak Indamendi elkartean izango dira bertaratzen den ororen gustagarri. Ondoren, kalejira egingo dute auzoan zehar, eta festei amaiera emateko traka zaratatsua botako dute.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide