Aia Lantzenek babes ofizialeko etxebizitza bat jarri du salgai Armendi-Gain kalean

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 6a, 11:00

Armendi-Gain kalea.

Etxebizitzak 87,92 metro koadro ditu, baita garajea eta trastelekua ere. Zozketan izena emateko epea zabalik dago, eta azaroaren 20a izango da horretarako azken eguna. Zozketa azaroaren 29an egingo da, udaletxean.

Aia Lantzenek babes ofizialeko etxebizitza bat jarri du salgai. Etxea Armendi-Gain kaleko 19-1 A etxebizitza da, eta hura erosteko interesa dutenek azaroaren 20a, asteazkena, izango dute horretarako azken eguna. Zozketa eguna ere ezarri dute: azaroaren 29an izango da, ostirala, 12:00etan, udaletxean bertan.

Etxebizitzak 87,92 metro koadro ditu, eta garajea (30,75 metro koadro) eta trastelekua (8,52 metro koadro) ere baditu. Etxebizitzaren prezioa 209.195,38 eurokoa da, zergak kanpo.

Zozketa bidez erabakiko da nori saldu etxebizitza, eta horretarako, interesdunek honako baldintzak bete behar dituzte: Aiako udalerrian erroldatuta egotea 2021eko urriaren 29a baino lehen; urteko gutxieneko irabaziak 9.000 eurokoak izatea eta gehienekoak 56.094,5 eurokoak (BOE araudiaren arabera kalkulatuko dira); eta ez edukitzea etxebizitzarik jabetzan edo BOEko araudiak ezartzen dituen beste kontzeptuetan 2022ko urriaren 28az geroztik, babes ofizialeko etxebizitzetako araudian ezarritako salbuespenak izan ezik.

Dena den, Aia Lantzenek etxebizitza horren gainean atzera egiteko eskubidea izango du 2028ko azaroaren 25era bitartean.

Izena emateko eskaera Aiako udaletxean aurkeztu behar da, beranduenez azaroaren 20ko 14:00etarako. Eskaera egitean hainbat dokumentazio aurkeztu behar da: eskaera orria bera; NAren kopia bat; 2023. urteko pertsona fisikoen gaineko zergaren agiria (2024an aurkeztutakoa); eta bestelako dokumentazioa, beharrezkoa balitz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide