Gaur arratsaldean abiatuko dituzte San Martin festak Urdanetan

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 1a, 08:00

Haur batzuk jolasean festetan.

Bi asteburutan ospatuko dituzte auzoko jaiak, asteburu luze honetan hasita. Egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek.

Gaur arratsaldean hasiko dira Urdanetako auzotarrak San Martin jaiez gozatzen, 16:00etan botako duten txupinazoarekin. Mus txapelketa egingo dute ondoren, eta 19:00etatik aurrera zabalik edukiko dute Ximor taberna. Gainera, gauerdian, DJ Patxek jarritako musikaren erritmora dantza egiteko aukera izango dute.

Bihar, berriz, bertso afaria egingo dute frontoian. Horren aurretik triki-poteoa egongo da, eta ondoren, erromeria. Igandean Jubilatuen Egunarekin jarraituko dute, eta arratsaldean lehen mailako emakume aizkolarien Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, besteak beste. Festak hurrengo ostiralean, hilaren 8an, jarraituko du.

Hona hemen egitaraua:

Azaroak 1, ostirala

  • 16:00. Festei hasiera emateko txupinazoa.
  • 17:00. Mus txapelketa Indamendi elkartean.
  • 19:00. Ximor taberna irekiko dute.
  • 00:00. DJ Patx.

Azaroak 2, larunbata

  • 19:00. Triki-poteoa bertsolariek eta trikitilariek alaiturik.
  • 21:00. Bertso afaria Urdanetako frontoian. Bertsolariak: Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia. Gai jartzen: Aritz Hernandez Larrume. Trikitilariak: Julen Rueda Erkizi eta Enaitz Alberdi.
  • Ondoren. Erromeria, frontoian. Ximor taberna ere zabalik egongo da, goizaldera arte, DJ Indatek girotuta.
  • Goizaldean. Gaupaseroen argazkia.

Azaroak 3, igandea, Jubilatuen Eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko helduen pala finalaurrekoa eta umeen eskupilota txapelketako finala.
  • Jarraian. Poteoa auzoan zehar Elizagoien ahizpek animaturik.
  • Ondoren. Auzoko nagusiekin bazkaria Indamendi elkartean.
  • Bazkalondoan. Bertso saioa Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin, eta trikiti doinuak eskainiz, berriz, Elizagoien ahizpak ariko dira. Edonor joan daiteke Indamendi elkartera bertso saioaz gozatzera.
  • 17:30. Lehen mailako emakume aizkolarien Gipuzkoako Txapelketa.
  • Jarraian. Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik, 22:30 arte.

Azaroak 8, ostirala

  • 00:00. Ximor taberna irekiko dute eta emanaldia eskainiko du DJ Hidalgok.

Azaroak 9, larunbata, Oilasko Biltze Eguna

  • 06:00. Dianarekin, oilasko biltzen hasiko dira auzoko gazteak Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolariekin. Izer eta Alabier trikitilariak ere bertan izango dira.
  • 16:00. Ume jolasak. Txokolate beroa egongo da nahi duenarentzat, baita sorpresa ugari ere.
  • Jarraian. Kalejira auzoan zehar, trikitilariekin.
  • 21:00. Goizean bildutako oilaskoekin afaria, auzotar guztientzat, Indamendi elkartean.
  • Ondoren. Erromeria Enaitz Alberdi eta Oibarrekin, Indamendi elkartean. Denentzat zabalik egongo da elkartea.
  • 00:00. Ximor taberna zabalik, DJ Indartek girotuta.

Azaroak 10, igandea

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko helduen eskupilota eta pala txapelketen finalak.
  • Jarraian. Poteoa auzoan zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.
  • 17:30. Harri jasotze txapelketa 150 kiloko Markesko kubikoarekin. Mikel Lopetegi Urra, Iraitz Arruti, Xabat Olaizola, Paulo Azpiazu eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.aren eskutik.
  • Jarraian. Erromeria Laja eta Lutxurdio trikitilariekin, 22:30 arte. Patata dantza lehiaketa ere egingo dute erromerian zehar.

Azaroak 11, astelehena, San Martin eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Jarraian. Tortilla patata lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirolak: trontza, txingak, lokotx bilketa, zaku karrera, etab. Saioa girotzen ariko dira Izer eta Alabier trikitilariak.
  • Arratsaldean. Trikitilariak Indamendi elkartean, denentzat.
  • Ondoren. Kalejira auzoan zehar, eta festei amaiera emateko, traka zaratatsua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide