Ekiaia energia komunitatea sortu dute Aiako Udalak, Aia Lantzenek eta Lur Alkartasuna Kooperatibak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 19a, 10:00

Ekiaiako hiru bazkideen ordezkariak, pozik. (Aiako Udala)

Aurreneko datuak esku artean dituztenean horiek herritarrei jakinaraziko dizkiete. Oraingoz kooperatiba ez da izango herritarrentzat, ikusteko baitago zer emaitza ematen dituzten egindako inbertsioek.

Ekiaia energia komunitatea sortu dute Aiako Udalak, Aia Lantzenek eta Lur Alkartasuna Kooperatibak, elkarlanean. Kooperatiba forma hartu du, eta kide baikotzak eren bateko partaidetza dauka. Dagoeneko egin dituzte aurreneko lanak; izan ere, uda honetan BM denda dagoen Lur Alkartasuna Kooperatiban eguzki plakak instalatu dituzte, behin azterketa energetikoa egin ondoren.

Orain, Armendi Gaineko eraikinean, Lur Alkartasuna dagoen lokalean, egingo dute azterketa energetikoa, "dauden aukerak ikusteko".

Udalak azaldu du "zenbait egun eguzkitsutan egunez behar duten energi guztia lortu" dela. "Beraz, esan dezakegu aurrezten ari garela. Datu zehatzak ditugunean herritarrei jakinaraziko zaizkie, helburuetako bat herritarrak sensibilizatu eta gai honen inguruan ahalduntzea baita", nabarmendu du udalak.

Erakundeak "eredugarri"

Komunitatea sortzearen arrazoiei dagokienez, Aiako Udalak hedabide honi azaldu dio "energia berriztagarrien eta ingurune eta etorkizun jasangarriago baten alde eredugarri" izan behar dutela erakundeek, eta "heburu horrekin sortu" dutela Ekiaia. "Energia garbiak eta berdeak erabiliz bete nahi ditugu dauden energia beharrak. Argindarraren gastuak ere jaitsiko direnez, aurrezten dugunarekin herritar guztientzat izango diren zerbitzuak hobetuko ditugu", azpimarratu du udalak.

Kooperatiba sortzeaz gain, herritarrei hainbat tailer eta energia aholkularitza saio eskaini dizkie udalak. Ekener enpresarekin egin dute lan, bai herritarrei energia zerbitzuei buruzko aholkularitza emateko, bai kontsumo azterketak egin ondoren beharrezko inbertsioa kalkulatzeko eta diru-laguntzak lortzeko dokumentazioa prestatzeko.

Kooperatiba, oraingoz, ez da herritarrentzat zabalik egongo. "Energia komunitate kolektibo bat osatu beharko litzateke, eta horrek prozedura asko ditu denboran; iruditzen zitzaigun denbora luzea pasatuko zela herritarrek inbertsioak egitetik ondorioak ikustera, oraindik erakundeok zer emaitza izango ditugun jakin gabe. Arriskatuegia iruditu zitzaigun datu gehiago gabe herritarrak tartean sartzea". Hala ere, udalak esan du berak eskainitako energia zerbitzuen aholkularitzari esker herrian badirela beren kabuz energia komunitateak sortu dituztenak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide