Iraileko azken igandea izanik, Gipuzkoan egiten den mendi erromeriarik entzutetsuenetako bat amaitzear da: Zelatungoa, alegia. Giro onak lagunduta, ehunka lagun igo dira goizean goizetik Herniora eta haren mendi magalera, bertan daude bi borden bueltara, inguruko herrietatik.
Hileko azken igandean igo ohi da hara jende gehien, baina aurreko lau igandetan ere izan da erromeria eta izan da mugimendua. Gaurkoan, Izer eta Alabier trikitilariek girotu dute mendi oina, eta jende ugari animatu da haien aurrera irten eta dantza egitera. Beste batzuk, berriz, zelaian hartu dute pausa eguraldi eguzkitsuaz gozatzeko, eta bordetakoren batean hartutako mokaduari eta edariari heltzea.
Gozamenerako ez ezik, protestak eta aldarriak egiteko baliatu dute beste urte batez iraileko azken erromeria. Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak deituta, mendietan eolikoak eraikitzearen aurkako elkarretaratzea egin dute, Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, eta lagun ugarik egin du bat mobilizazioarekin. "Duela hogei bat urte izandako mehatxuak berriro Gipuzkoara" datozela salatu dute, "tamaina eta kantitate handiagoan", gainera.
(Argazkiak: Ihintza Elustondo)