Haurren txanda izan da Aian

Maria Maya Manterola 2024ko abu. 9a, 09:30

Goizean goizetik haurrei propio zuzenduriko jarduerak izan ziren atzo, osteguna, Aian. Familien bazkarian elkartu ziren guztiak gero, eta arratsaldean jolas gehiagorekin eta kalejirarekin jarraitu zuen festa giroak.

San Lorentzo eta San Donato festetan murgilduta daude Aian azken egunotan. Atzo, osteguna, Umeen Eguna izan zen, eta haiei propio zuzenduriko jarduerak izan ziren goizean goizetik. 

Izan ere, 10:30etik eguerdi partera arte jolasak izan ziren plazan, eta gero, familien bazkarian elkartu ziren guztiak. Arratsaldean jarraipena eman zioten festa giroari, jolas gehiagorekin, disko festarekin eta kalejirarekin. 

Gaur eta bihar izango dira Aiako festetako azken egunak. Ondorengoa da programazioa:

Abuztuak 9, ostirala:

  • 11:00. Sardin jana, toka txapelketa irekia eta umeentzat zapo-toka.
  • 16:00-19:00. Gaztelu puzgarriak.
  • 19:00. Kalejira buruhandi eta trikitilariekin, herriko kaleetan zehar.
  • Ondoren. Andoni Ollokiegi, eta pintxopotea Euskal Parrillarekin. Plazan.
  • 23:45. Karroza.
  • Ondoren. DJ-ak.

Abuztuak 10, larunbata, San Lorentzo eguna:

  • 07:00. Diana kaleetan zehar.
  • 07:30. Gaupaseroen argazkia.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Pilota partidak. Lehen partidan, emakumezkoak: Larrarte-Erasun vs. Arrillaga-Mendizabal. Bigarren partidan, gizonezkoak: Victor-Albeniz vs. Orbegozo-Oliden.
  • Ondoren. Herriko edadetuen bazkaria.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia: Gipuzkoako Binakako Aizkolari Txapelketa eta IV. 4 Arroa harri jasotzeko finala.
  • Ondoren. Kalejira trikitilariekin eta buruhandiekin, herriko kaleetan zehar.
  • 20:30. Anje Duhalderen kontzertua.
  • 23:30. Tapia eta Leturia Band eta Kilimak.
  • 01:00. Festen bukaerako traka zaratasua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide