Aia

Bihar, Santio Errekakoak Ortzaikakoen kontra ariko dira erronkan

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 26a, 16:30

Herri kirolak Santio Erreka auzoan.

Lehen aldiz egingo da erronka. Santio Errekakoen eta Ortzaikakoen artekoa izango da, 12:00etan hasita, auzoko frontoian.

Aiako Santio Erreka auzoko festetan berrikuntza bat baino gehiago txertatu dute herritarrek aurten, eta horietako bat da bihar eguerdian frontoian eskainiko dutena, bi auzoren arteko erronka jokatuko baita han: Santio Errekakoen eta Ortzaikakoen artekoa. 

Oier Astigarraga Santio Errekako bizilagunak eta Gorka Etxeberria Ortzaikakoak azaldu dute nola sortu zitzaien ideia. "San Martin jaietan, dena berotuta bota nien erronka hangoei, eta hasieran txantxetan hasitakoa, serioa bihurtu zen gero", esan du Astigarragak. Dena den, ez dute ezer jokatuko; ezer materialik ez, behintzat, ohorea egongo delako jokoan. "Dezenteko pikea sortu da gure artean, eta ea nork irabazten duen", gaineratu du Etxeberriak. 

Ikuskizuna bermatuta

Talde bakoitza sei kidez osatuta egongo da –bost gizon eta emakume bat–, eta sei kirol egingo dituzte. Astigarragak berak 63 kiloko bola altxatuko du, eta Etxeberriak, 100 kilokoa. Egunotan bizpahiru entrenamendu egin dituela aitortu du Astigarragak, "inoiz harririk jaso gabea" delako. "Ea zer moduz ateratzen den", esan du umoretsu. Harriaz gain, ingudearekin, txingekin, trontzan eta korrika ibiliko dira.

Etxeberriak, berriz, azpimarratu du lortu dutela taldekide guztiak auzokoak izatea, eta "hori garrantzitsua" zela beraientzat. Biek uste dute ikuskizun polita dela auzokoentzat eta gerturatzen diren gainerakoentzat, eta jendeak eskertuko duela aurtengo berrikuntza, "batez ere, auzoko edadetuek". Beraiek, behintzat, "ilusio horrekin" daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide