Aia

Gaurtik hasita jarraipena emango diete Santio Errekako jaiei

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 24a, 13:00

Santio Erreka auzoko jaiak.

Gaurtik hasi eta igandera arte, egunero izango dira ekitaldiak Aiako Santio Erreka auzoan. Gaur, Kultur Defender ekimenarekin hasiko dira, eta bihar izango da egun handia. Kintopeko harri jasotzaileak eta nesken 4 arroako kanporaketa jokatuko dira. Afaria ere egingo dute frontoian.

Santio jaiek jarraipena izango dute gaurtik hasi eta igandera arte. Gaur bertan, Kultur Defender ekimen berritzailea egingo dute. DJ Davila eta DJ Hidalgoren eskutik, estaziotik frontoira ibilbidea egingo dute musikarekin, eta ondoren, DJ horiek izango dira goizaldera arte frontoian.

Honakoa da santioetako egitaraua:

Uztailak 20, larunbata:

  • 23:00. Erromeria frontoian Fan&Go taldearekin.
  • Ondoren. Oilasko biltzea.

Uztailak 24, asteazkena, Santio bezpera:

  • 20:00. Kultur Defender: DJ Davila eta DJ Hidalgoren eskutik, estaziotik frontoira ibilbidea.
  • 23:00. Kultur Defender: DJ Davila eta DJ Hidalgo, goizaldera arte, frontoian.

Uztailak 25, osteguna, Santio eguna:

  • 10:30. Meza.
  • Ondoren. Adinekoen hamaiketakoa Portun.
  • Jarraian. Herri kirolak: kintopeko harri jasotzaileak eta nesken 4 arroako kanporaketa.
  • 21:00. Afaria frontoian Euskal Parrillaren eskutik, Etxebarria aita-semeak trikitilariekin eta auzoko bertsolariekin. Sarrerak salgai Portu, Sega eta Salatxo tabernetan. 

Uztailak 26, ostirala:

  • 10:30. Meza.
  • 19:00. Elektrotxorongorekin kalejira, estaziotik hasi eta frontoira.
  • 23:00. Onlyfly eta Broteens taldeen kontzertuak.

Uztailak 27, larunbata:

  • 12:00. Herri kirolak: San Martin eta Santio auzoen arteko erronka.
  • 14:30. Auzo bazkaria I Love Paellaren eskutik. Sarrerak salgai Portu, Sega eta Salatxo tabernetan. 
  • 18:00. Andoni Ollokiegiren emanaldia.
  • 00:00. Abiba diskojaia.

Uztailak 28, igandea:

  • 12:00. Ume jolasak.
  • 16:30. Mus txapelketa frontoian. Izen-ematea 16:00etan.

Uztailak 30, asteartea:

  • 21:00. Oilasko biltzeko afaria Portu erretegian. Tiketak aurrez salgai txosnan eta Portun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide