Luis Epelde: "Esperoko ez zenituzkeen intsektuak daude hemen"

Andrea Zipitria eta Gorka Eizagirre 2024ko mai. 9a, 10:00

Ezkutuko zomorroak agerian argazki erakusketa zabaldu du Zarauzko bizilagun Luis Epeldek (Azkoitia, 1953) Aiako Iturraran parketxean. Guztira, intsektuen 43 irudi jarri ditu erakusgai.

Nolatan bururatu zitzaizun intsektuei buruzko argazki proiektu bat egitea?

2018an hasi nintzen zomorroei argazkiak ateratzen. Aurretik ere noizean behin ateratzen nizkien, baina serio antzera sasoi hartan hasi nintzen. Bilduma aski garrantzitsua esku artean neukala ikusirik, Iturraran parketxeko arduradunei erakusketa jartzeko proposamena egin nien, eta hark gustu handiz prestatuko genuela erantzun zidan. Beraz, Ezkutuko zomorroak agerian erakusketa zabaldu dut orain.

Nondik datorkizu zuri argazkilaritzarako zaletasuna?

Betidanik izan dut zaletasun hori. Txiki-txikitatik gustatu izan zait argazki zaharrak ikustea, eta beti liluratu nau irudiaren munduak. Bideoa ez dut horrenbeste atsegin, askoz ere gustukoago dut irudi finkoa. Zinemazalea naiz, baina bideogintzan ez dut lan askorik egin. Argazkiak, ordea, bai, eta mota guztietakoak: kirola, natura, erretratua eta abar.

Eta, une honetan, intsektuekin zabiltza buru-belarri, ezta?

Hori da, bai. Erakusketa honetarako 43 argazki bildu ditut, baina  askoz ere gehiago dauzkat. Azken finean, aukeraketa bat egin behar izan dut. Erakusketa uztailaren 15era arte izango da ikusgai, baina litekeena da denboraldi osorako luzatzea. Orain, beheko solairuan dago, eta, beharbada, uztailetik abendura bitartean goiko aretoan jarriko dugu. Tira, hori geure artean aipatu dugu, eta oraindik erabakitzeko dago guztia. Behintzat, uztailaren erdira arte ikusgai izango da.

Non ateratako argazkiak dira ikusgai daudenak?

Argazki denak etxe honen bueltan [Iturrarango lorategi botanikoan] ateratakoak dira, eta urrutien hartutako argazkia hemendik 300-400 metrotara egingo nuen. Edonola ere, ingurumaria honetan izan dira guztiak: behekaldeko zelaian, goiko putzuan... Beraz, irudietako intsektuak ere bertan ibiltzen direnak dira.

Zomorroak bereziki txikiak izanda, nola moldatzen zara kamerarekin ongi harrapatzeko?

Beno, lehenik eta behin, pazientzia eduki behar da. Alegia, belarretan eseri eta intsektuak bilatu behar dira. Batzuetan, batik bat udaldian, bero handia egiten badu, berehala egiten dute ospa. Ez dute ni ikusteko gogorik izaten! Beste batzuetan, aldiz, geldirik pausatzen dira, eta orduan kamera prestatzen dut argazkia ateratzeko. Edonola ere, beti ez da posible dena horren borobil ateratzea. Jakina, erakusketan jarri ditudanak ondo eginak daude, baina beste batzuekin huts egiten duzu edo ez zaizu nahi bezala ateratzen argazkia.

Bistakoa da egun eta ordu asko  eskaini dizkiozula proiektuari.

Bai, zalantzarik gabe. Honen atzean ordu asko eta neke eta dedikazio handia dago, baina lan bat burutu ahal izateko ezinbestekoa da hori. Beste biderik ez dago: lan egitea eta saiatzea, egun batean eta hurrengoan ere etortzea, eguraldi ona edo euria egin. Adibidez, euliak gehiago agertzen dira egun lainotsuetan.

Esan bezala, 43 argazki dira guztira. Denak izango dituzu kutunak, baina zein da zuretzako bereziena?

Bereziak bat baino gehiago daude. Esaterako, larbaren argazkia oso esanguratsua da niretzat; izan ere, belar eta haziekin hornituta dago, eta oso arraroa da. Larba hori nagusi egiten denean, zomorro bihurtzen da. Beraz, ikusten da zer prozesu kuriosoa jarraitzen duen. Bestalde, beste intsektu bat zer den ez dugu lortu identifikatzea. Zomorro beltz bat da, adar handiekin eta morfologia oso berezikoa, baina ez dakigu zein den bere izena. Egunen batean lortuko dugu identifikatzea.

Harrigarria da benetan askotariko espezieak izatea Pagoeta natura parkean.

Hala da, eta niri indarra ematen didana da beti topatzen dudala intsektu berriren bat. Esperoko ez zenituzkeen intsektuak, bada, hemen daude; batez ere, zezentxoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide