Asteburu honetan izan da 20. Landare Berezien Azoka, Iturraranen, eta antolatzaileek iragarri dutenez, 6.800 bisitari igaro dira bertatik, bi egunetan. Igandea izan zen jende gehien pasa zen eguna; 4.000 bisitari inguru jaso zituen azokak, larunbatean, berriz, 2.800 pertsona igaro ziren bertatik.
Antolatzaileak "gustura" daude lortutakoarekin, "oso ondo" joan baita edizio borobila. Larunbatean eguraldiak baldintzatu egin zuen, baina hala eta guztiz ere, harriduraz jaso zuten bisitari kopurua: "Horrek adierazten digu euria izanagatik ere, bisitari fidelak dituela azokak", adierazi dute.
Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko 50 mintegik jarri dituzte beraien aleak ikusgai eta salgai. Herritarrek bildumagile espezialista horien landare ezezagun eta bitxiak erosteko aukera izan dute.