Gaur goizean aurkeztu dute Iturraran Parketxean Euskal Herriko hegazti habiagileei buruzko akuarela erakusketa. Lanak Ramon Urain margolariak egin zituen 80. hamarkadan Jose Maria Faus ornitologoaren aholkularitzarekin. Hamarkada batez landu zuen bilduma 1981etik 1992ra, eta 160 akuarela egin zituen. Horietatik guztietatik 64 aukeratu dituzte Iturraran Parketxeko kideek, eta akuarela bakoitzarekin hegaztiaren informazioa jasotzen duen fitxa bana jarri dute lagungarri; bertan zehazten dira habitata, banaketa, mehatxu eta kontserbazio egoera, sasoia, luzera, hego-luzera, ikusteko zailtasun-maila, arrautza eta habi mota. Gainera, fitxek QR kode bana dute eta sakelako telefonoaren bidez loturara sartutakoan, hegazti bakoitzaren kantua entzuteko aukera dute herritarrek.
Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendariak azaldu duenez, erakusketa garrantzitsua da hori delako Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak bere kabuz ekoiztu duen lehen erakusketa. "Arreta Pagoetako kideak 30 urte daramatzate Iturraranen lanean eta esan zidaten beraiek hegaztien marrazki batzuk ezagutu zituztela parketxean". Hala ere, 2007an parketxea berritu zenean bilduma osoa pasatu zuten Pagoetako Natur Parkearen lurretan kokatuta dagoen Amezketalardi aterpetxera, eta iaz berraurkitu zuten bilduma osoa. "Guztiok aho bete hortz geratu ginen esku artean genuen materiala ikusi genuenean, eta berehala bururatu zitzaigun horrekin guztiarekin erakusketa bat osatzea". Hala, Zalduak erakusketa osatzeko egin dute lana eta ahalegina eskertu die Arreta Pagoetako kideei: Mila Lopez, Amaia Agote eta Irune eta Aran Aldai.
Hegazti Habiagileen Atlasa
Ramon Urain margolariaren akuarelak Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zituen 1990. hamarkadan, ikusgai jarri zituen Euskal Herriko Hegazti Habiagileak izenburupean, eta ondoren Eusko Jaurlaritzak izen bereko liburua argitaratu zuen. Hain justu ere, 2023ko urte bukaeran argitaratu dute edizio berritua Aranzadiren eskutik, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurraldeetako foru aldundien babesarekin. "Memoria berrituan beste irudi batzuk daude jasota, baina orain Iturraran Parketxean ikusgai daudenak dira duela 40 urte egindakoak, lehen atlasa osatzeko erabili zirenak, eta benetan ikusgarriak dira", azaldu du Koldobike Olabide Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Ingurumeneko zuzendariak. Ildo horretan, nabarmendu du hegaztien ikerketari garrantzia ematen diola Gipuzkoako Foru Aldundiak horien azterketak "ingurumena ezagutzeko datu asko" eskaintzen dituelako. "Hegaztiak dira ondoen ezagutzen dugun fauna taldea, eta adierazle bikainak dira ulertzeko gertatzen ari diren aldaketak, klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera. Horregatik, jarraitzen dugu arlo horren ikerketa bultzatzen. Hala, gaurkoan inauguratu dugun erakusketa ezagutza hori gizartearekin partekatzeko modu aproposa da".
Iritzi berekoa da Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea ere, eta aurkezpenean ikusgai jarri den bildumaren balioa azpimarratu du. "Oso erakusketa polita da, eta hegaztiak eta ingurumena atsegin dutenentzat aukera aproposa. Izan ere, erakusketan agertzen diren hegazti batzuk Pagoetako Natur Parkean baditugu, baina horiek ikustera iristen ez direnentzat akuarela lanak hegazti horiek ezagutzeko aukera bikaina dira. Gainera, bidez batez, erakusketa ikusi ondoren, bisitariek aprobetxatu dezakete Aiara igo eta egun atsegina pasatzeko, ez dago plan hoberik", egin du gonbita Aiako alkatea.