Abendu hasieran euri jasa handiak egin zituen, eta horrek guztiak eragina izan zuen Aiako Arrutiko errepidean. Hain justu ere, errepidearen zati bat hondoratu zuen denboraleak, abenduaren 2an. "Euri asko egin zuen, eta hosto asko erori ziren lurrera. Inguruan haritz amerikarra daukagu, hosto zabala izaten du; egun horretan bide bazterretan zeuden areka guztiak tapatu ziren, eta errepidera ateratzen hasi zen ura. Pitzatua bazen lehenagotik, baina euri jasa handia izan zenez, errepideko zati bati eragin zion, baita mendiari ere", gogoratu du gertatua Jon Ander Azpiroz alkateak. Gaur-gaurkoz, itxita jarraitzen du bideak autoentzat, eta errepidearen inguruko xehetasunak eman ditu alkateak.
Azaldu du egunean bertan gerturatu zirela ezbeharraren lekura, eta momentuan kono batzuk jarri zituztela, "herritarren segurtasuna bermatzeko". Azkenean, ordea, ikusirik "kaltea handia" zela, errepide osoa ixteko neurria hartu zuen Aiako Udalak. Izan ere, errepidea ez ezik, mendi osoak jasan ditu eraginak: "Goitik behera begiratzen badugu, metro kubiko mordoa dago kaltetuta", zehaztu du Azpirozek. Hala, lur mugimendua tarteko, eremuaren inguruko lanketa egiten ari dira adituak. "Lagin batzuk atera dituzte, eta ikusi dute lurra egonkorra izan daitekeela, baina lanketa handiak daudela egiteke", azaldu du. "Harri lubeta" bat egin behar dela ere aurreikusi dute jada, eta konponketak "kostu handia" izango duela ere bai.
Zentzu horretan, gogorazi du Arrutiko errepidea bertako baserritarrek bere garaian egindakoa dela, eta azkenaldian eremu horren erabilera ez dela egokia izan: "Udalak asfaltatze lan batzuk egin ditu, baina abiadura azkarrean ibiltzen ziren autoak eta zirkulazio handia zuen errepideak; ez zen horretarako".
Horrez gain, "bizikidetzako zenbait arazo" ere izan dira bertako bizilagunen eta bidea erabili dutenen artean. "Kontu handiz" ibili beharreko zati bat da, eta "momentu arriskutsuak sortu eta istripu dezente gertatu dira" azkenaldian errepide horretan. Ezbeharren bat gertatzen bada, gainera, "aseguru etxeek ez dute kaltea beren gain hartzen".
Uda arte proiektua egiteke
Lanketa egiten ari den enpresak aurreratu duenez, uda arte proiektua egiten jardungo dute, eta ondoren erabaki beharko da zer egin.