Olentzero eta Mari Domingi pasa dira dagoeneko Aiatik. Atzo arratsaldean asto eta guzti iritsi ziren herrira. Eguraldia, ordea, ez zen lagun izan eta azkar batean, Etxetxotik probalekura hartu zuten bidea trikitilarien musika lagun.
Harrera beroa egin zioten probalekuan Olentzero eta Mari Domingiri; hainbat haurrek besarkada estu batekin hartu zituzten, beste batzuk, urduritasun negar malko artean. Kontuak kontu, guztiek eduki zuten aukera gutunak emateko, eta zertxobait jateko aukera ere izan zuten gerturatutako dozenaka haurrek zein helduek.