Ohar bidez adierazi du EH Bilduk, datorren urteko ordenantza fiskalen proposamenari buruz zer pentsatzen duen. Lehenik eta behin, adierazi dute EH Bilduk aurkezpen proposamenari baiezkoa eman diola, eta baiezkoaren arrazoi nagusiena da: "gure emendakina aintzakotzat hartzea". EH Bilduren bi proposamenak "bat osoki eta bestea partzialki" jasota geratu direla zehaztu dute oharrean.
Lehen emendakina izan da, ordainpeko udal-zerbitzuen ingurukoa: "Ordainpeko udal-zerbitzuetan norberaren errentaren araberako kostuak jasotzeko eskaera egin genuen; hau da, guztientzat prezio bat eta bakarra izan ordez, errentaren araberakoa izatea. Hala, errentarik baxuenak dituzten herritarrek ia %100eko hobariak eskuratzeko aukera izatea proposatu genuen, eta hortik abiatuta progresiboki igotzeko joatea".
Etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezartzea ere adostu zen udalbatzarrean. Ildo honetatik azaldu dute "partzialki" jaso dela emendakin hori. "Hirugarrenetik aurrerako etxebizitza hutsetan errekargu hori ere progresiboki igotzen joatea" aurkeztu baitzuten. Dena dela, "aldaketa garrantzitsutzat" jotzen dute; "orain arteko jaso ez den norabide bat markatzen duelako etxebizitzaren arazoari heltzerako garaian". Horregatik guztiagatik, Gobernu Batzorde eta Udalbatzarretan ere "irekitako bidean jarraitzea" espero du EH Bilduk.