Aho batez onartu du Aiako Udalak 'Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat' adierazpena

Andrea Zipitria 2023ko aza. 3a, 10:30

UEMAk aurkeztu duen Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat adierazpena, aho batez onartu du Aiako Udalak, EAJren, EH Bilduren eta ABBren aldeko botoekin.

Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioara deitu du bihar, 17:00etan Bilbon, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat aldarripean. Horren aurrean, Aiako Udalak ere UEMAren adierazpena onartu berri du azken osoko bilkuran. EAJren, EH Bilduren eta ABBren aldeko botoekin, aho batez onartu zen aldarria.

Onartutako bost puntuko adierazpenak dionez, "larritzat" jotzen dute euskararen indarberritze-prozesuan aurkako azken epaiak. Horregatik, bat egiten du bihar Bilboko manifestazioarekin. Hona hemen adierazpen osoa irakurgai:

Adierazpena

EUDELeko Batzorde Eragileak gaur Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan egin duen lehenengo ohiko bileran, alkateek jarraian datorren adierazpena onartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaia dela eta. Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Ondorioz, alkateek hau adierazten dute:

1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, EUDELek berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.

2.- EUDELek uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. EUDELeko Batzorde Eragileak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta
orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.

3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.

4.- Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal
hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. EUDELek egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza- eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.

5.- Udal honek bat egiten du eta dei egiten die herritar guztiei, azaroaren 4ean, Bilbon egingo den manifestaziora joateko, Euskara, gure hizkuntzaren, aurka ematen ari diren azken erasoak salatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide