Laugarren postuan sailkatu dira OBBko gazteak Espainiako Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko aza. 1a, 11:27

OBB klubeko 18 urtez azpiko taldea Espainiako Txapelketan (OBB)

Pasa den asteburuan Bartzelonan jokatu zuten OBBko neskek 18 urtez azpiko Espainiako Sofbol Txapelketa.

Pasa den asteburuan OBB klubeko 18 urtez azpiko jokalariak Bartzelonan (Herrialde Katalanak) izan ziren Espainiako 18 urtez azpiko sofbol txapelketa jokatzeko. Txapelketako lehen partida ostegun goizean jokatu zuten Viladecans taldearekin aurka, eta partida oso estua izan bazen ere, Kataluniako taldeak garaipena lortu zuen 6-7emaitzarekin.

Hurrengo egunean, Nafarroako Arga taldearekin neurtu zituzten indarrek oriotarrek. OBBko neskek trakets hasi zuten partida 5-3 markagailuan atzetik, baina laugarren sarreratik buelta eman zioten norgehiagokari eta 7-10 emaitzarekin garaipena lortu zuten. Arratsaldean lehiak jarraitu egin zuen eta bazkal ondoren Sant Boi taldearen aurka jokatu zuten partida. Taldeko kideek azaldu dute OBBk txanda ona izan zuela bosgarren sarreran, 5 lasterketengatik irabaziz, "baina seigarren eta zazpigarren sarreran Sant Boi taldeak gora egin zuen eta berdinketa hausteko extra inningera iritsi ziren. Hala ere, OBBko taldeak asko borrokatu ondoren eguneko bigarren garaipena lortu zuen 14-10 emaitzarekin. emaitzarekin

 

Hirugarren egunean, OBBko neskek finalerdia Nafarroako Izaga taldearen aurka jokatu zuten. Partida estua izan zela nabarmendu dute, bi taldeek bateatzen txanda onak egin zituztela, baina azken sarreran Izagak partida bukatutzat eman zuen, eta nafarrek 15-14 emaitzarekin bukatu zuten partida.

Txapelketako azken egunean, OBBko neskek Dridma taldea izan zuten aurkari. Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak eskuratzeko txartelak izan zituzten jokoan, eta oriotarrek zelaian "dena eman" bazuten ere, ez zuten lortu garaipena, eta laugarren postuan sailkatu ziren. Hala ere, OBBko kideak gustura daude, jarrera baikorrarekin, Espainiako Txapelketan 12 taldetatik laugarren postuan sailkatzea emaitza ona dela uste baitute.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide