Izeta VI.a: "Adrianari eta Martin txikiari eskaintzen diet txapela; haiek izan dira nire motibazioa"

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 25a, 13:44

Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.'a, Euskal Pentatloi Saria irabazi berritan. (Ihintza Elustondo)

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak irabazi zuen larunbatean VI. Euskal Pentatloi Saria. Aita izan zen aste berean jantzi zuen hirugarren txapela. Ez zuen lortu markak haustea, baina gozatu zuela adierazi du. Dagoeneko datorren urteko pentatloian du burua.

Hiru urtean hiru txapel jantzi ditu Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (Aia, 1993) Euskal Pentatloi Sarian. Joxe Mari Olasagastik dauka lan horietan errekorra, 27 minutu eta 20 segundoan, eta bigarren marka, berriz, Anjel Arrospidek, 30 minutu eta hamabost segundoan. Iaz 31 minutuan eta 36 segundoan amaitu zituen lanak Izeta VI.ak berak, eta aurten, berriz, 31 minutu eta 55 segundoan.

Euskal Pentatloi Sariaren finala bukatzean, hunkituta nabari zinen. Nola sentitu zinen? Nahi bezain ondo ez?

Aste berezia izan zen niretzako, ez nuen astea nahi bezala pasatu: ospitalean lo eginez, etxera bueltaka, ahal nuenean entrenatzen, tuperretan jaten... Aizkorako proba amaitu nuenean, ikusi nuen txapela nirea zela. Denborari begiratu nion; hirugarren egurrean denbora asko joan zitzaidan, eta ikusi nuen ezin nuela 31 minutuko denbora jaitsi. Orduan txipa aldatu nuen, eta gozatzera joan nintzen. Borrokan ibiltzeko sufritzera joan beharrean, gozatzera joan nintzen. Eta gozatu egin nuen.

Kanporaketan errekorra hautsi zenuen. Larunbatean ere bazen marka egingo ote zenuen esperantza, baina nahiko zaila zeneukan.

Hitz handiak dira; zaila da 30 minutuko marka hori gainditzea. Nahi genuen, baina hirugarren egurrean asko katigatu nintzen, denbora asko galdu nuen, eta uste dut han joan zitzaidala sufritzeko motibazio hori. Ez neukan arrazoirik sufritzen jarraitzeko.

Harriarekin Xabat Olaizola oso ondo aritu zen, aurrea hartu zizun.

Garbi neukan aizkoran atzetik hasiko nintzela, baina banekien aizkoran hobeto ibiliko nintzela; banekien hori  nire alde neukala. Egur bigunetik hasi nintzen, abantaila pixka bat ateratzeko eta psikologikoki laguntzeko, eta horri eutsi nion.

Hala eta guztiz ere, nagusitasunez irabazi zenuen finala. Esana zenuen aurtengoan bazenuela nori eskaini txapela.

Bai, aste berezia izan zen aurrekoa, eta nire neskalagunari, Adrianari, eta Martin txikiari eskaintzen diet txapela. Beraiek izan dira azken bederatzi hilabeteotako nire motibazioa entrenatzen segitzeko, egun gogor asko izaten direlako halako prestakuntza luze batean. Haurdunaldi ona ez dugu izan, jira-bira askokoa, eta horregatik, beraientzako da txapela. Nahiko nuke beraiek ere nik bezalaxe gozatzea, eta ea hurrengo urtean Martin txikia zezen plazan dagoen nirekin.

Beraz, hurrengo urtean ere animatuko zara.

Orain aizkorako bigarren mailako txapelketa daukat, eta abenduan edo urtarrilean hasiko naiz banakako Euskadiko txapelketa prestatzen.

Ez zaude geldirik egoteko.

Ez, pentatloia amaitu berritan, entrenatzailearekin egon nintzen, eta finalean egin nituen akatsez hitz egin genuen. Hurrengo urterako prestatzen hasiko gara berehala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide