Pagoeta Natur Parkeaz udazkenean gozatzeko hainbat jarduera antolatu ditu Iturraran Parketxeak datozen asteetarako. Irailaren 24an, datorren igandean, Galdutako Erleen Bila ekimena egingo dute. Mapa baten laguntzaz parte hartzaileak lorategi botanikoan barrena ibiliko dira, erleei buruz ikasten; bukaeran, erletegiko erlauntza bat ezagutzeko aukera izango dute: goiz partean izango da saioa, 11:00etatik 14:00etara, eta familian eta talde txikitan parte hartzeko modukoa dela azaldu dute arduradunek. Helduen sarreraren prezioa 6 eurokoa da eta haurrena 4 eurokoa.
Irailaren 30erako Baso Bainua Ilunabarrean ekimena antolatu dute; naturan murgilduz eguneroko erritmo bizia moteltzen lagunduko die esperientziak parte hartzaileei, bost zentzumenak eta naturako elementuak uztartuz. Helduek 7 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 5 euro.
Ogi Goxoarekin Etxera, Eskua Bete Ore jarduera izango da urriaren 1ean, garai batean ogia nola egiten zuten ikasteko. Helduen sarrera 7 euro kostako da eta haurrena 5 euro.
Ekimenen batean parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman beharko dute izena, 943-835389 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.