Izeta Sagardotegiak 40 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, Izeta Bikote Mistoen Mendi Lasterketa Solidarioa izeneko kirol txapelketa sortu du. Proba igande honetan jokatuko da, 09:30ean, Izeta Sagardotegitik bertatik abiatuta –Elkano auzoa, Urdaneta bidea, Aia– eta partaideek 6,4 kilometro egingo dituzte korrika. Bada, bihar izango da lasterketan izena emateko azken aukera. 20:00etan itxiko da inskripzioa. Oraindik izena eman ez duten bikoteek kronoak.com atarian egin dezakete, 25 euro ordainduta. Lasterketako izen ematetik bildutako dirua Marea Urdina taldeari laguntzeko izango dela zehaztu dute.
Izetatarrek "zerbait berezia" egin nahi izan dute urteurrena ospatzeko, eta gogoratu dute beren familia beti egon dela kirolari oso estuki lotuta. "Izeta sendia eta kirola loturik egon dira hamarkadetan zehar; herri kirolak ez ezik, beste kirol guztiak ere maite ditugu. Hala, familia, natura, kirola, gastronomia eta elkartasuna uztartu nahi ditugu egun berezi horretan", nabarmendu dute.
Edonork egitekoa
Izeta sagardotegiko lurretan, sagastietan barrena, "edonork egiteko moduko ibilbidea" prestatu dutela ziurtatu dute. Gainera, 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoentzat ere antolatu dute 700 metroko beste proba bat; helduen lasterketaren ondoren egingo dute hori.
Bestalde, "Marea Urdinaren helburu solidarioarekin bat egin" nahi du Izeta sagardotegiak. "Aniztasun funtzionala duten pertsonenganako sentsibilizazioa gizarteratu nahi dugu, eta ahal bada, ekonomikoki ere laguntza bideratu".
Izetatarrek herritarrei dei egin diete lasterketan parte hartzera nahiz korrikalariak bertatik bertara animatzera, gisa horretan, kirol eta elkartasun giroan, elkarrekin sagardotegiaren 40. urteurrena ospatzeko.