Urriaren 13ra arte aurkez daitezke lanak Aiako Argazki Lehiaketara

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 9a, 09:00

Herritar bat kamararekin argazkia ateratzen. (Urola Kostako Hitza)

Argazki lehiaketako gaia librea izango da, baina lehiaketara aurkezten diren argazkiek herriarekin lotura izan behar dute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkez ditzake.

Aiako XVII. Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea urriaren 13ra arte zabalik izango dela iragarri du Aiako Udalak. Azken urteetan bezala, oraingoan ere gaia librea izango da, baina herriarekin lotura duten gaiak bakarrik onartuko ditu epaimahaiak.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkez ditzake lehiaketara, koloretan edo zuri-beltzean. Argazkiek 2022an edo 2023an ateratakoak izan behar dute, eta pendrive batean eta paperean [30x20 cmko neurrian) aurkeztu behar dira. Argazkiak gutun-azal batean aurkeztu behar dira, eta argazki bakoitzak atzean bere izenburua zehaztuta izan behar du; gutun-azalaren barruan egilearen informazioa ere zehaztu beharko da: izen-abizenak, nongoa den, harremanetarako telefonoa, posta elektronikoa, baita argazkien izenburua eta bakoitza noiz ateratakoa den ere.

Lanak Aiako Kultur Etxean aurkez daitezke urriaren 13ra bitartean.

Sariak

Aiako XVII. Argazki Lehiaketan bi sari multzo egongo dira: bata Aian erroldatuta daudenei zuzendua, eta bestea gainontzekoei. Dena dela, bi kasuetan lehen saridunek 200 euro jasoko dituzte, bigarrenek 170 euro eta hirugarrenek 120 euro. Horrez gain, otar bat zozkatuko dute sarituak izan ez direnen artean.

Argazki lehiaketara aurkeztu eta epaimahaiak onartutako lanekin erakusketa jarriko dute Kultur Etxean; epaimahaiak erabakiko du lehiaketara aurkeztutako argazkiek kalitateari eta gaiari lotutako baldintzak betetzen dituzten. Erakusketan herritarrek aukera izango dute gustukoenak dituzten argazkiei botoa emateko, eta horren arabera aukeratuko dituzte irabazleak. Gainera, boto gehien dituzten argazkiekin 2024ko egutegia osatuko dute.

Lehiaketara aurkezten diren argazkiak Aiako Udalaren esku geratuko dira, eta hark horiek erabiltzeko eskubidea izango du, egilearen izena aipatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide