Iturraran parketxeak Pagoeta Natur Parkeko natur eta kultur ondarea herritarren artean ezagutarazteko hainbat jarduera antolatzen ditu, eta iraileko asteburuetan erleen sekretuak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte; bertan erlauntzen egitura eta antolaketa ikusi eta erleen bizimodua nolakoa den ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Iturraran parketxetik azaldu dutenez, Euskal Herrian erle beltza da nagusi eta "ekosistema mantentzeko behar-beharrezkoa" da. "Gure ekosistemen polinizatzaile nagusienetakoa da, horregatik da hain garrantzitsua bere kontserbazio eta zabalkuntza", azaldu dute.
Igandetan 13:00etan izango dira bisita gidatuak, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 943 83 53 89 telefono zenbakira idatzita edo iturraran@gipuzkonatura.eus posta elektronikora idatzita.