Omenaldi beroa egin diete aiarrek Javi Vilches praktikanteari eta Rosa Corral medikuari. Vilchesek 2011an hartu zuen erretiroa, urte luzez Aian jardun ondoren. Corral, berriz, abuztu honetan bertan jubilatuko da 36 urtez Aiako mediku izan ondoren.
Aiako Udalak antolatu du ekimena "urtetan egindako lana eskertzeko" asmoz, eta udal ordezkariak zein herritar andana gerturatu da anbultorio kanpoan egindako omenaldira.
Jon Ander Azpiroz alkateak hartu du hitza lehendabizi. Urte luzez Corralek eta Vilchesek herriko anbulategian egindako lana goraipatu du. Izan ere, "urte hauetan guztietan zaindu duzue herria eta herritarrak ere bai, ordutegiari begiratu gabe askotan". Halaber, euskara ikasten egin duten ahalegina ekarri du gogora.
Rosa Corralek mintzagai izan du Aiako Osasun Zentroaren bilakaera, eta nabarmendu du herrian "oso gustura" egon dela. Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie "herritar guztiei, baita gure artean ez daudenei ere". Javi Vilchesen txanda iritsi da ondoren. Lanean izandako hainbat anekdota ekarri ditu gogora, eta hitz politak ere ez zaizkio falta izan.
Ondoren, bertsoz eta kantuan agurtu dituzte biak. Herritar guztien izenean, lore sorta eta oroigarri bana jaso dituzte.