Pasa den astelehenean egin zuten Aiako udal ordezkariek 2023-2027 agintaldiko lehenengo ezohiko bilkura. Udalaren antolaketa izan zuten hizpide 19:00etan hasita udaletxeko areto nagusian egin zuten bilkuran.
Eskualdeko gainerako herriekin alderatuz, antolaketa ezberdina izango du Aiak, 3.000 biztanle baino gutxiago dituelako. Hala, batzorde bakarra izango du Aiak: Tokiko Gobernu Batzordea. EAJk izango du batzordearen ardura, baina Tokiko Gobernu Batzordea EAJko lau ordezkarik, EH Bilduko bi zinegotzik eta ABBko zinegotzi batek osatuko dute, eta landutako gaiak eta proposamenak Gobernu Batzordean erabakiko dira.
Udalbatzarraren maiztasuna ere adostu zuten. Hala, udalbatzarrak gutxienez hiru hilabetetik behin egingo dira, eta Tokiko Gobernu Batzordea, gutxienez, hilean behin bilduko da.
Udaleko ordezkariak erakundeetan
Aiako Udalak zazpi erakundetan du eskumena, eta horietan udalak duen ordezkaritza ere zehaztu zuten udalbatzarrean. Hona hemen erakundeetarako ezarri dituzten ordezkariak:
- Urola Kostako Udal Elkartea:
- EAJ: Jon Ander Azpiroz
- EH Bildu: Aitor Arregi - Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Jon Ander Azpiroz
- Urkome: Jon Ander Azpiroz
- Pagoeta Parke Naturalaren Patronatua:
- EAJ: Jon Ander Azpiroz
- EH Bildu: Aitor Arregi - Gipuzkoako Parketxe Sarea: Jon Ander Azpiroz.
- Eudel: Jon Ander Azpiroz
- Lur-Alkartasuna Kooperatiba: Jon Ander Azpiroz
Soldatak
Berrikuntza gisa, agintaldi berrian alkateak ez ezik alkateordeak ere izango du liberazioa, %25ean, nahiz eta Aiako Udalari, legez, bi liberazio oso egokitu. Jon Ander Azpiroz alkateak, 59.907,84 euro gordin jasoko ditu urtean. Miriam Sarasola, alkateordea, berriz, jardunaldi herena izango du, eta 14.976,96 euro jasoko ditu urtean. Soldatak onartu ziren EAJren aldeko sei botorekin eta ABBko boto bakarrarekin; EH Bilduk, berriz, kontra bozkatu zuen.
Bertaratzeei dagokienez, udalbatzar bakoitzeko 150 euro jasoko dituzte zinegotziek, eta gobernu batzordeko bakoitzeko, berriz, 50 euro egokituko zaizkie. Alderdi bakoitzari hileko 151, 20 euro emango zaizkio eta zinegotziko 60,80 euro hileko.