Gaur inauguratu dute Aiako kooperatiba berria. Harrera bikaina izan du irekierak, eta 11:00etan puntuan hainbat herritar gerturatu dira bertara eraberritutako denda ikustera. Hainbat eragile ere izan dira bertan, tartean, Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea, Teo Zuloaga Lur Alkartasuna Kooperatibako lehendakaria, eta lehendakari ohia, Jose Mari Aldai.
Hainbat berrikuntza izango ditu dendak. Ordutegiari dagokionez, orain arte bezala, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara zabalik izango da supermerkatua. Asteburuetan ordea, aldaketak izango dira. Aurrerantzean, larunbat arratsaldeetan itxi egingo dute kooperatiba. Beraz, ondorengo ordutegia edukiko du kooperatibak asteburuetan: larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara irekiko da, eta igandeetan, 09:00etatik 13:00etara.
Bestalde, Lur Alkartasuna Kooperatibako dendak hornitzaile berria estreinatu du; BM izango da hornitzailea hemendik aurrera.
Zerbitzu berriak
Halaber, zerbitzu gehiago eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, kutxatilak jarri dituzte, herritarrak erosketak egiten ari diren bitartean gainean daramatzaten gauzak uzteko. Produktu bakoitzaren prezio zehatza adierazten duen makina irakurle bat ezarri dute dendan, herritarrek erabili dezaten. Horrez gain, Aiako baserritarrekin elkarlanean, bertako produktuak salduko dituzte.