Gipuzkoako lehenengo mailako aizkora txapelketa jokatuko da bihar Aian

Andrea Zipitria 2023ko eka. 9a, 15:05

Emakumezkoen Lau Arroa harri-jasotze txapelketako finala ere izango da. Biak ala biak, 18:00etatik aurrera ikusi ahal izango dira Aiako frontoian.

Bihar, hitzordu garrantzitsua izango dute Aiako probalekuan herri kirol zaleek. Izan ere, bi kirol proba izango dira 18:00etatik aurrera. Alde batetik, emakumezkoen Lau Arroa harri-jasotze txapelketako finala izango da, eta bestetik, Gipuzkoako gizonezkoen lehenengo mailako aizkora txapelketa jokatuko da.

Lau Arroa txapelketan, lau harri jasotzaile aritu ziren nor baino nor zilindroarekin, bolarekin eta kubikoarekin lehian. Finalean parte hartuko duten harri-jasotzaileak izango dira: Lur Errekondo, Maddi Guesalaga, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta.

Gipuzkoako gizonezkoen lehenengo mailako aizkora txapelketan, berriz, sei partaide izango dira: Julen Alberdi, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Jesus Mari Mujika, Eneko Otaño eta Suharri Rodriguez. Horiek guztiek 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako lau enbor eta 72 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte. 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide