19. Landare Berezien Azoka egingo dute asteburuan Iturrarango Lorategi Botanikoan. Ibilbide luzea du azokak, eta jendetza biltzen du urtero. Izan ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "ezohiko" landare azoka da. "Mintegi saltzaile bildumazaleak izaten dira bertan postua jartzen dutenak, eta salmentan eta erakusgai dauden landareen kalitatea eta barietatea lehenesten dira". Hala, eskaintza zabala aurkeztuko dute bertan: "Oso bereziak diren tomate landareak, antzinako arrosa barietateak, bonsai ikusgarriak, landare haragijaleak, beste mundu batekoak diruditen bromeliak, lore erraboilak, bildumako zitrikoak, palmondoak, kameliak, landare bizikorrak eta klima mediterraneoko landareak izango dira, besteak beste", antolatzaileen arabera. Guztira, 50 postu jarriko dituzte aurten, eta horietatik bost mintegi berriak izango dira.
Azoka larunbatean eta igandean, 10:00etatik 18:00etara egongo da irekita, eta bi aparkaleku egokituko dituzte herritarrentzat: Aian eta Orion (Txurrukan). Handik doako autobusak ibiliko dira joan-etorrian. Aparkalekuetatik azoka gunera lehendabiziko autobusa 09:45ean aterako da, eta azkena 16:45ean. Azoka gunetik aparkalekuetara, berriz, 18:15ean abiatuko da azken autobusa. Trenez bertatatu nahi izanez gero, Zarauzko geltokian hartu ahal izango da autobusa, eta ordu erdiro egingo du autobusak joan-etorria.