Igandean jokatuko dute Aiako XII. Mendi Lasterketa

Andrea Zipitria 2023ko mar. 3a, 12:45

Aiako X. Mendi Lasterketako une bat. (Hitza)

250 kirolaritik gorak eman dute izena, eta egunean bertan ere egongo da parte hartzeko aukera. Urteroko hitzordua da korrikalari askorentzat; lehen aldia, beste batzuentzat. Laida Arruti aiarrak, esaterako, aitarekin parte hartuko du aurrenekoz, eta bere iritzia eman dio hedabide honi.

Aiako XII. Mendi Lasterketa jokatuko dute igandean. Ohi bezala, parte hartzaileak 10:30ean abiatuko dira Aiako plazatik, eta Pagoetako natur parkean barrena hamabost kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrika, gehienez ere bi ordu eta laurdeneko denbora tartean.

Momentuz, 268 korrikalarik eman dute izena; Internet bidezko izen ematea gaur itxiko da, eta hemezortzi euro balio ditu dortsal bakoitzak. Dena den, azken momentuan parte hartu nahi duenak aukera izango du egunean bertan izena emateko, 25 euro ordainduta.

Antolatzaileek gogorarazi dute proba nagusia Pagoetako babestutako eremu berezitik igarotzen dela; horregatik, errespetuz jokatzeko eskatu diete korrikalariei zein ikustera joaten diren herritarrei.
Sarien berri ere eman dute antolatzaileek. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, lehenengo postuan bukatzen duenak 200 euro jasoko ditu dirutan; bigarren egiten duenak, 150 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. Horiez gain, norbaitek orain arteko marka hautsi eta berria jartzea lortzen badu, beste 100 euro jasoko ditu. 


Aurpegi berriak


Asko dira Aiako Mendi Lasterketa urtero egiten duten kirolariak, baina tartean aurpegi berriak ere ikusten dira; oraingo honetan, esaterako, Laida Arrutirena. Berezia izango da Arrutirentzat igandeko hitzordua. Izan ere, lehendabizikoz parte hartuko du modalitate horretako lasterketa luze batean, eta gainera, herrian bertan egingo du, aiarra baita. Aitarekin aterako da korrika, eta horrek "izugarrizko ilusioa» egiten dio. Helburua garbi du; «disfrutatzea, helmugako denbora kontuan izan gabe". 

Orioko arraunlaria izandakoa da Arruti, eta betidanik eduki du buruan mendi lasterketa bat egitea: "Mendi lasterketak ikustera joan izan naiz noizbehinka, eta sortzen den giroa oso polita iruditzen zait. Esango nuke horrek bultzatu nauela izena ematera". 

Arrauna ez ezik, gustuko du korrika egitea ere. Hain zuzen, Orioko nesken atletismo taldean hasi da orain dela hilabete batzuk. Astean hiru aldiz entrenatzen du taldearekin, eta beraz, ondo prestatuta iritsiko da bere herriko lasterketara. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide