Bihar iluntzean Aian erabakiko da Gipuzkoako Kintopekoen Txapelketa. Belamendiren, Igone Pagadizabalen eta Ainhoa Gabirondoren idi pareak aterako dira plazara, haiek izan direlako sailkapenerako sariketetan punturik gehien batu dituzten hiru idi pareak. Finaleko saioa 21:00etan hasiko da, probalekuan, eta plaza gehien egiten dituenarentzat izango dira aurtengo Gipuzkoako txapela, mantak eta diru saririk handiena.
Lau sariketak puntuatu dute Gipuzkoako Txapelketarako: Aizarnazabalgoak, Elgoibarkoak, Aiakoak eta Azkoitikoak. Horietan, irabazleari 5 puntu eman zizkioten, bigarrenari 4, hirugarrenari 3, laugarrenari 2, bosgarrenari 1 eta gainontzekoei 0. Eta sailkapen nagusian hiru onenak izan direnek lortu dute finalerako txartela. Honela gelditu da Gipuzkoako sailkapena:
- Belamendi (16 puntu)
- Igone Pagadizabal (13 puntu)
- Ainhoa Gabirondo (10 puntu)
- Iñaki Oliden (10 puntu)
- Txokolate (7 puntu)
- Maia (2 puntu)
- E. Arzadun (1 puntu)
- Etxabe (1 puntu)
- Igeldo (0 puntu)
- Artola (0 puntu)
- Armaolea (0 puntu)
- Mendigoiti (0 puntu)