Berriz ere Igone Pagadizabalen idi pareak irabazi ditu Aiako kintopekoak

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 1a, 18:24

Hondarribiarraren idi pareak 79 plaza pasatxo eginda erdietsi du garaipena, eta ez da Aian lortzen duen aurrena; aurtengo Udaberri Saria ere beretzat izan zen.

Joan den ostiralean hasi eta astelehenera bitarte, lau jardunalditan banatuta jokatu dituzte Aiako XXV. Kintopeko Idi Probak.  Ikusmina sortu du lehiak, eta antolatzaileen esanetan, egunero izan izan da jendea dema plazan. Espero bezala, ordea, egunik handiena azkenekoa izan zen, astelehena, bai ikusle kopuruari dagokionez, baita ikuskizunari dagokionez ere.

Antolatzaileek zerbait bazekiten, eta azken jardunaldirako Hondarribiko Igone Pagadizabalen, Jatabeko Billabasoren eta Errezilgo Belamendiren pareak utzi zituzten. Probalekuko harmailak jendez leporaino zirela, Pagadizabalen parea izan zen plazara ateratzen aurrera, Axier Alegria eta Jagoba Tubilla itzainen aginduetara, eta hegan egin zuten. 79 plaza eta 0,46 metro egin zituzten, bigarren gelditu zen pareak baino lau plaza gehiago, eta azkenengo lekuan gelditu zenak baino 41 plaza gehiago; bada zerbait. Horrenbestez, merezimendu osoz, Pagadizabalek jaso zituen 1.400 euro diru saria, mantak eta trofeoa. Gainera, hondarribiarrarentzat ez da izan Aian kintopeko demak irabazi dituen lehendabiziko aldia; aurtengo Udaberri Saria ere beretzat izan zen.  

Bigarren lekuan, Zallako Anaien idi parea gelditu zen, esan bezala, 75 plaza pasatxo eginda. 1.200 euro eta trofeoa iarabazi zituzten haiek. Sailkapeneko hirugarren postuan, berriz, Jatabeko Billabasoren pare gelditu zen, 72 plaza eginda. Hark, 1.000 euro eta trofeoa jaso zituen saritan.

Urola Kostako parte hartzaileei dagokienez, Errezilgo Belamendiren idi pareak egin zuen lanik txukunena. 70 plaza osatuta, sailkapeneko laugarren postua beretzat izan zen, eta 900 euroko diru saria jaso zuen. Aiarren artean lanik txukunena, berriz, Maiaren pareak egin zuen: 63 plaza pasa eginda, zazpigarren, hain zuzen. Sailkapeneko postu horregatik 600 euroko diru saria jaso zuen, eta beste 200 euro lehenengo aiarra izateagatik.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide