Erleen mundua ezagutzeko aukera izango da Iturraran Parketxean abuztuaren 19an eta 26an, jolas baten bidez. Orientazio jolasa da Galdutako erlearen bila, eta mapa baten laguntzaz, lorategi botanikoan barrena erleen inguruan ikasteko baliatu daiteke, talde txikitan.
Gainera, amaieran, erletegi batera joan eta erlauntza bat irekiko dute, intsektu horiek abarasketan egiten duten lana ikusi eta ezagutzeko. Antolatzaileek azaldu dute erleak "behar beharrezkoak" direla ekosistemetan, eta haien inguruan ikastea da jolas honen helburua, "ezagutzen den heinean zaintzen dugulako gure ingurua". Parte hartzen duten denek oparitxo bat eramango dutela ere gaineratu dute.
Informazio gehiagorako eta izena emateko, 943-83 53 89 telefono zenbakira deitu daiteke, edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi.