Aurten lehen aldiz eraso matxisten aurkako protokoloa ere izango da Aiako Jaietan. Festa batzordeko kideek jakinarazi dute, "Aian ez dela indarkeria matxistarik onartuko". Horregatik, norbaitek eraso matxistaren bat jasan, ikusi edo horren berri izaten badu, txosnan lanean ari direnei esan behar diela azaldu dute, hauek arduradunei abisatu eta protokoloa martxan jartzeko.
Horrez gain, azken aldian gertatu diren ziztada kasuen aurrean zer egin ere zehaztu du Aiako Festa Batzordeak sare sozialen bidez. "Norbaitek ziztada sentitzen badu, ez du bere burua zalantzan jarri behar, ingurukoei jakinarazi behar die eta ez zaio bakarrik utzi behar", adierazi dute. Ziztada sentitu bezain azkar, gainera, 112ra deitzea eta hospitalera joatea garrantzitsua dela azpimarratu dute, "komeni delako analisiak ahal den bezain azkar egitea". Egoera horren aurrean, txosnan abisatzeko ere eskatu dute, protokoloa abiatzeko.