Frontona antzerki obra eskainiko dute bihar arratsaldean Aiako pilotalekuan. Ikuskizunean, ikusleekin jolastuz, euskal kultura eta Aiako kultura erdigunera ekartzeko ahaleginean arituko dira hiru aktore, bi pilotari eta Andoni Egaña bertsolaria. Pilota jokoa aitzakiatzat hartuta, ikusleari jolasa proposatuko diote Frontona ikuskizuneko aktoreek. Unai Ormaetxea andoaindarrak, Iñigo Otaegi billabonatarrak eta Josu Artutxa tolosarrak gidatuko dute emanaldia, eta kantxan, Janire San Sebastian eta Anne Maiza pilotari zizurkildarrak arituko dira.
Publiko zabalarentzat egokia den ikuskizuna da Frontona, familian joateko primerako plana. Saioa 18:00etan hasiko da Aiako frontoian, eta sarrera librea eta doakoa izango nahi nahi duten guztientzat.