Joseba Iraolarena zen orain arteko Andatzatik Aiara Igoeran lortutako denborarik onena, iaz eginiko 01:42’511koarekin, eta beste urtebetez behintzat hala izaten jarraituko du, baina marka berria ezarrita: 01:39’328. Antolatzaileen esanetan, bera zen aurtengo lehiaketa irabazteko faborito nagusia, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin.
Iraolak ez zuen aurkaririk izan errepidean, jarleku bateko ibilgailuen mailan, eta bere atzetik gelditu zen zen Arkaitz Ordoki hamahiru segundora utzi zuen, 1:52’729ko denbora eginda. Haren atzetik, bi segundo baino gutxiagora, Garikoitz Flores sailkatu zen, 1:54’301eko denbora eginda.
Bikoen kategorian ere iazko bera txapeldun: Beñat Poblacion. Eta hark ere marka berria ezarri zuen, 1:55’842ko denbora eginda. Haren atzetik, hiru segundo baino gehixeagora, Bruno Scherer sailkatu zen; eta hirugarren, Gorka Eizmendi oriotarra, 2:01’910ko denbora eginda.
Eguraldi bikaina lagun, autozale asko elkartu zen lasterketako puntu desberdinetan hitzorduaz gozatzera, eta antolatzaileak ere pozik agertu ziren txapelketak izandako harrerarekin.
(Argazkia: Urtzi Oteiza)