Txalo konpainiak Losers –euskaraz, galtzaileak– antzezlana taularatuko du larunbatean Aiako probalekuan. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan, eta 22:30ean hasiko da emanaldia. Oraindik gelditzen dira emanaldirako sarrera batzuk, lotura honetan eta Aiako Kultur Etxean —astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:15era; eta ostiraletan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 18:45era—.
Plazaolak eta Garmendiak Manuel eta Sandra pertsonaiak hezurmamituko dituzte. Adinean aurrera doaz pertsonaiak, ia 40 urte dituzte, eta gizarteak markatutako baldintza bat bera ere ez dute betetzen: hau da, ez dute umerik, ezta bikotekiderik ere, eta, gainera, diru gutxi dutenez, ezin dute etxebizitzarik erosi. Horregatik, beren buruak galtzailetzat dituzte. Bizipozak, ordea, ez du mugarik, eta ez du zerikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen arauen menpe bizitzearekin. "Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero, behintzat. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antzera bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?", azaldu dute Txalo konpainiakoek.