"Lesioari ez diot buelta eman oraindik, eta gaur inbidia pasatzea tokatuko zait"

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 6a, 08:54

Pena du Gaizka Iruretagoienak. Min hartuta dago, eta ez da iritsiko gaur jokatuko duten Aiako XI. Mendi Lasterketan parte hartzera. "Lesioren bat izan dudan bakoitzean, presaka bueltatu naiz kirola egitera, baina ikasi dut behar bezala sendatzeko denbora eman behar zaiola", esan du etsipen puntu batekin.

Iruretagoienak onartua dauka aurten kale egingo duela, eta baita inbidia pasatuko duela ere, korrika ez, baina antolakuntzan jardun beharko baitu. "Lehen ere, proban parte hartzen hasi aurretik, laguntzen ibiltzen nintzen, eta aurtengoan ere hala beharko du". Lanetik etxerako bidean, Asteasu eta Andatza artean, Aiako plazan jarri du hitzordua, lasterketaren abiapuntu eta helmuga izango den lekuan. Kirolerako zaletasunaz eta Aiako probaz hitz egin du.

Mendian korrika ibiltzeaz gain, beste kirolik egiten al duzu?
Bizikletan ere ibiltzen naiz, baina, gehienbat, korrika.

Betidanik izan al duzu kirolerako joera?
Ez, 17 bat urterekin hasi nintzen. Egia esateko, ordura arte nahiko geldia nintzen.

Nolatan hasi zinen?
Aita dezente ibili izan da mendian korrika, anaia pilotan ibiltzen zen, eta nik ez nuen ezer egiten. Zerbait egin beharra neukala eta, korrika hasi nintzen. Hasieran gutxi egiten nuen, lau edo bost kilometro; baina pixkanaka-pixkanaka gustatu, eta gero eta gehiago, gero eta gehiago...

Zenbatekoa izan da parte hartu duzun probarik luzeena?
30 bat kilometrokoak egin ditut, baina hortik gorakorik ez. Gustatuko litzaidake luzeagoak egitea, baina lesioak-eta izaten dira tarteka eta... ea noiz egokitzen zaidan aukera.

Bizikletan ere ibiltzen zarela esan duzu. Lasterketetan ere parte hartzen duzu?
Duatloiren batzuk egin ditut, baina bestela, bizikletan batez ere ibiltzen naiz lesioren batengatik-edo korrika egin ezin dudanean. Korrika egiteko moduan jartzea dezente kostatzen da batzuetan, baina nahiz eta ondo-ondo ez egon, bizikletan ibil zaitezke, gorputza gutxiago behartzen delako.

Ezer ez egitetik, ezer egin gabe ezin egotera pasatu zara beraz...
Hori da, berdin dit zer, baina zerbait egin egin behar...

Egunero entrenatzen al duzu?
Ondo naizela, bai; suabeago edo gogorrago, egunero egiten dut zeozer.

Aurten Aiako mendi lasterketan ezingo duzu parte hartu...
Ez, eta pena da, baina horrelako egoeretatik beti ikasten da zerbait, eta espero dut hemendik ere zerbait aterako dudala.

Zenbat aldiz parte hartu duzu Aiako lasterketan?
Bost aldiz, uste dut.

Eta zenbat aldiz izan zara aiar azkarrena?
Aurreko urtean bakarrik.

Probak 11. edizioa du aurtengoa. Zein da arrakastaren sekretua?
Hau herri txikia da eta hemengo lasterketak agian ez dauka beste batzuek daukaten famarik, baina ibilbidea bera, Pagoetan barrena, oso polita da. Badira lasterketak herri handiagoetan egiten direnak, oso ondo antolatuak eta askoz jende gehiagok parte hartzen dutenak, baina ibilbidearen edertasunari dagokionez, hemengoarekin zerikusirik ez daukatenak. Hemen bezalako parajeak leku gutxitan topa daitezke.

Nongo jendea etorri ohi da?
Gehiena inguruko herrietakoa izaten da, baina gogoan dut behin, Errioxatik autobuskada bat etorri zela.

Zer moduzko parte hartzea espero duzue aurten?
400 laguntzentzat lekua egongo da, eta duela pare bat aste, 300 lagunek baino gehiagok zuten izena emana; beraz, parte hartze polita espero dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide