Martxoko lehendabiziko asteburuan XXIV. Kintopeko Idi Probek hartuko dute Aiako probalekua. Sei pare aterako dira plazara, nor baino nor, Udaberri Sariaren bila. Bi jardunalditan gauzatuko dute txapelketa, biak 22:00etan hasita, eta hiru parek parte hartuko dute jardunaldi bakoitzean. Larunbatean, martxoak 5, Ainhoa Gabirondo oriotarraren, Etxetxo arroarraren eta Lopategiren (Billela, Bizkaia) pareak ariko dira; eta astelehenean, martxoak 7, Iñaki Oliden oriotarrarenak, Txokolate errezildarrarenak eta Igone Pagadizabalenak (Hondarribia, Gipuzkoa).
Aiako probalekuko 1.800 kiloko harriari beste 100 kilo erantsiko dizkiote; beraz, idiek 1.900 kilo ibili beharko dituzte arrastan. 1.140 kilo baino gehiago pisatzen duten idi pareei, berriz, kopuru horretatik gorako kilo bakoitzeko 1,5 kiloko gainzama ezarriko diete. Idi pare bakoitza ekinaldiaren egunean pisatuko dute, 10:00etan.
Irabazleak 1.300 euro dirutan, mantak eta trofeoa jasoko ditu; bigarrenak, 1.100 euro eta trofeoa; hirugarrenak, 1.000 euro eta trofeoa; laugarrenak, 900 euro; bosgarrenak, 800 euro; eta seigarrenak, 700 euro.