ULU mediak eta EITBpodkastek ekoitzitako Artxipelagoa irratiko fikziozko nobelari eman diote 2022ko irratiko Argia Saria. 2021eko udazkenean estreinatu zuten podcasta, eta gidoilari lanetan ibili da Xabier Etxeberria Aiako bizilaguna, bere anai Martin Etxeberriarekin batera. Zuzendaria, berriz, Oier Aranzabal Aiako bizilaguna da, Juan G. Andresekin batera.
2103. urtean kokatutako distopia bat du kontagai istorioak. "Olatu erraldoi batek Europa urpean utzi du ia osorik eta Euskal Artxipelagoa sortu da. Itsasoaren maila 500 metrotik gora igo da eta hiri-estatu gisa elkartu dira ur gainean geratu diren gune bakanak, besteak beste, Euskal Artxipelagoa izeneko uhartedia. Bertan bizi da Jare, mundu zaharraren kondarrak ezagutu nahi dituen gaztea". Horixe da audio-fikzioaren argumentua.
Aurretik sekula horrelako lanik egin gabeak direla azaldu dute Aranzabalek eta etxeberriatarrek, eta lehen denboraldiak asko ikasteko balio izan diela. "Abenturazko fikzio klasiko" gisa definitu dute Artxipelagoa.
#ArgiaSariak2022
— ARGIA (@argia) February 3, 2022
Ulu Mediak (@ulumedia) eta EITBpodcastek (@eitbpodkast) ekoitzitako 'Artxipelagoa' fikzio podcastarentzat da aurtengo saria
Ikusi bideo-erreportajea: https://t.co/PI4FTfBO0j pic.twitter.com/opiqr5qlJJ