Gaur eguerdian aurtengo lehen ganadu enkantea egin dute Aiako Ibarrola Goikoa baserrian dagoen Testaje Zentroan. Hain zuzen ere, Arraza Anitzeko Ganaduen XVI. Enkantea izan da, eta 29 idisko atera dituzte enkantera, limusin eta pirenaika arrazakoak guztiak.
Ganaduzaleentzat hitzordu garrantzitsua izan ohi da Aiakoa, eta gaurkoan ere ez dute hutsik egin, baina aipatzekoa da, COVID-19a saihesteko hartu behar izan dituzten segurtasun neurri zorrotzen ondorioz, ez dela besteetako jendetzarik izan. Gunearen edukiera %60ra mugatuta egin dute enkantea, ezinbestekoa zen aurrez akreditatuta egotea, markatutako lekuetan bakarrik eser zitekeen jendea, eta denek eserita jarraitu behar izan dute enkantea. Horrenbestez, ezin esan aretoa jendez lepo bete denik, besteetan gertatu ohi den bezala.