Atzo 18:30ean eman zitzaien hasiera Aiako I. Pala Txapelketa Mistoko finalei. 14 urte bitartekoen artean, Eki Aizpuruk eta Maddi Cotanok osatutako bikoteak Sarra Arroyo eta Xuban Illarramendi izan zituzten aurkari. Aurrenekoentzat izan zen garaipena, lehen set-a 10-5 eta bigarrena 10-9 irabazi eta gero.
14 urtetik gorako parte hartzaileen artean, berriz, Unai Juaristi eta Garazi Eizmendi izan ziren onenak. 10-6 eta 10-4 gailendu zitzaizkien Eneritz Erkizia eta Igor Ituraini.
Aiako Kirol Elkarteak antolatu du txapelketa, eta hau izan da aurreneko edizioa. Guztira 23 bikotek parte hartu dute bi kategorietan, eta antolatzaileek "oso balorazio positiboa" egin dute. Nabarmendu dutenez, kontentu daude izandako bikote kopuruarekin, eta baita palaz jokatzen oso gutxi ibilitakoak ere lehiaketan izatea lortu dutelako.