Aian hiru kasu positibo zenbatu dituzte

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 24a, 13:00

1108,31ra igo da Aiako intzidentzia tasa, eta intzidentzia tasarik altuena duen eskualdeko herria da. Positibotasun tasa %2tik beherakoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nahiz Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, azken orduetan zazpi kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kostan, duela astebete baino lau gutxiago. Aian atzeman dituzte kasuen erdiak, hiru. Azkoitian, bestalde, bi lagunek eman dute positibo, eta banak Zarautzen eta Zumaian.

Azken datuekin, Aian 957,18tik 1108,31ra igo da intzidentzia tasa, eta atzo bezala, tasarik altuena duen eskualdeko udalerria da gaur egun. Azkoitian ere gora egin du kasu metatuen tasak, 183,59tik 200,28ra.

Urola Kostako udalerri gehienetan, dena den, ez da aldaketarik izan intzidentzia tasari dagokionez: 97,85ean mantendu da Orion, 119,93an Zarautzen, 81,41ean Zumaian eta hutsean Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian. Azpeitian, berriz, behera egin du adierazleak: 223,39tik 203,68ra jaitsi da. Hala ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasa altuena duen herria da Azpeitia.

Asteburuaren atarian, eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako Urola Kostako udalerri guztiek; alegia, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak.

Positibotasun tasa, %2tik behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 133 kasu positibo zenbatu dituzte atzo, ostegunean, egindako PCR eta antigeno probetan. Hain justu, 50 emaitza positibo izan dira Bizkaian, 42 Gipuzkoan, 23 Nafarroan, hamasei Araban eta bi lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa antzeko mantendu da, baina zertxobait gora egin du; %1,8tik %1,9ra igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,1etik %1,4ra Nafarroan.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan ere gero eta egonkorragoa da egoera. Atzo COVID-19ak jotako 104 lagun zeuden ospitaleratuta, eta atzoko 24 ospitaleratze berrien ostean, berdina da azkeneko kopurua: une honetan ere 104 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta. 46 dira ZIUetan daudenak, atzo baino hiru gutxiago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide