Herri kiroletako Gipuzkoa mailako lehiak izango dira Aian hilaren 10ean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 3a, 09:30

Aiako probalekuan izango dira Gipuzkoako lokotx biltze nahiz ingude altxatze txapelketak, baita emakumezkoen Lau Arroa harri-jasotze txapelketaren aurreneko edizioa ere.

Abuztuaren 10ean herri kirolek hartuko dute Aiako probalekua, Gipuzkoa mailako hiru txapelketa jokatuko baitituzte han. 18:00etan hasita, ingude altxatze txapelketa eta lokotx biltze txapelketa izango dira, eta horretaz gain, aurrenekoz jokatuko dute emakumezkoen Lau Arroa harri-jasotze txapelketa.

Udane Ostolazak, Aroa Sanchezek, Naiara Zumetak eta Ane Zinkunegik hartuko dute parte Lau Arroa izeneko lehian. Joseba Ostolaza Harri Eskolakoak dira laurak. Lokotx biltzean, aldiz, Iñaki Alzaga, Gotzon Iruretagoiena, Jon Larrañaga, Xabier Melendo eta Mikel Osoro arituko dira. Ingude altxatzeari dagokionez, Gorka Emazabelek, Unai Goitiak, Joseba Pagadizabalek eta Josu Urbietak neurtuko dituzte indarrak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide