Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Aian positibo bat izan da azken orduetan. Orion, aldiz, ez dute kasurik detektatu. Eskualdean, denera zortzi izan dira, eta horietatik hiru Zestoan. Aurreko bost egunetan ez zuten kasurik zenbatu herrian, eta bost dira zazpi eguneko epean Zestoan atzemandako kasuak.
Eskualdeko beste lau herritan atzeman zituzten atzo COVID-19arekin lotutako kasuak: Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian positibo bana zenbatu zituzten astelehenean. Eskualdeko herri guztiak ere eremu gorritik urrun aurkitzen dira une honetan.
Hego Euskal Herrian nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 462 kasuren berri eman zuten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, 9.259 PCR eta antigenoen proba egin zituzten, eta horietatik 394k positibo eman zuten; bezperan 286 kasu positibo izan ziren hiru lurralde hauetan. Hala, positibotasun tasa %4,3koa zen atzo.
Araban 89 positibo eman ziren, 187 Bizkaian eta 116 Gipuzkoan, bezperan baino 60 gehiago. Beste erkidegoetako bi lagunek ere positibo eman zuten. Ospitaleratuei dagokionez, beste 34 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. ZIUko unitateetan 98 lagun zeuden atzo ospitaleratuta.
Nafarroan ere gora egin du positiboen kopuruak, Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuek diotenez. 2.130 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 68 izan ziren positiboak. %3,2ko positibotasun tasa zuten atzo Nafarroan.